XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

URTUBIKO DAMA Badira urte asko hasi zen Yantziko sendagilea Urruñeko pestak zirela eta Daskonagartarren etxera joan nintzen, mugaz bestaldeko herri xarmanta honetan nituen adixkideak ikustera, urteoro egin ohi nuen bezala.

Halakoetan ohi denez, bazkaltzera gonbidatu ninduten.

Bazkaria ugaria eta oparoa, tripazai handiena ere kontentu utz dezaken horietakoa.

Bazkalondoa luzatzen ari zen.

Asetzeraino jan eta edan ondoren kantuak hasi ziren.

Apaiz gazte bat neukan ondoan, eta dijestioa egiteko aitzakiarekin Donibaneko bidean ibiltzera gonbidatu ninduen.

Baiezkoa esan nion eta etxetik atera ginen.

Gizon atsegina zen apaiza, bihotz zabala, alaia, entzuten bazekiena; Sarako elizan organu jotzaile zen, Duhalde d'Harismendy bere izena.

Herri xume batetako bikarioarena baino gehiago hiri handi batetako abateen jarrera zuen gizon honek.

Are gehiago esango nuke, XVIII. mendeko elizgizon jakintsu eta andrezaleen jite eta airea hartzen nion.